sábado, 16 de octubre de 2010

Difficile est subito longum amorem deponere.

Ez dut atsegin zutaz oroitzea. Ez dut gustuko zure irudia berrikustea, behin eta berriro, aurrera eta atzera, ezinegon itogarri batez. Ezin izan ohi dut arnasa sakon hartu, min ematen baitit. Bihotz inguruan. Ez dakit zerena izango den, agian zuk bete eta ase ohi zidazun organoren batek zure urritasuna nabari du, eta horregatik izango da hain mingarria niretzat. Edo agian ez. Agian ariman daramat zure orbaina. Hor goian, non bertan bi mundu bereiz daitezke: Gizaki sentikorra eta gizakiaren arima. Horrek arrazoitzen du bihotz inguruko min hori.
Azken aldi honetan basamortu batean galduta bezala sentitzen naiz, mapak eskuan ditudala. Mapak bidea markatzen dit, eta ez dakit zein bihurgune dagoela esaten dit kale honen ondokoaren ondokoan. Ni mapa jarraitzen saiatzen naiz, behin eta berriz. Baina ez dut ezer ulertzen. Aurrera begiratu eta hondarra ikusten dut, harea. Hare asko eta asko. Nazkatu arte kontatzen hasita. Atzera begiratu, eta berdin. Harea nazkatu arte. Orduan, uzkurturik, nere buruari galdera erretoriko bat egiten diot: zergatik jaio ote nintzen? Ez dut arrazoi bat bera ere bilatzen hau justifikatzeko. Zinez tontakeria bat iruditzen zait hona etorri izana. Izan ere, inork ez du atsegin porrot egiteko jaiotzea.
Bada, lehengo garai zahar haietan, zu zinen nire bizitzeko arrazoia. Nire bizitzari zentzua ematen zion argi modukoa, nolabait esateko.
Eta orain, jadanik ez zaudenez, berriro ere nere pena eta negarretan itotzen naiz. Eta benetan momentu txarrak pasatu ohi ditut.
Basamortuan noa, ibili eta ibili. Gero eta gehiago kostatzen zait ibiltzea, eta azkenean aurreraka joan beharrean beheraka noala konturatzen naiz. Orduan marru egiten dut nire indar guztiz, eta erantzunik ez dudala konturatzerakoan, izan ere, bakar bakarrik nago basamortu osoan, nigarrez, nire azkena iritsi dela konturatzen bainaiz. Baina, orduan, "esploradore ausart" moduko batzuk agertzen dira. Oso esploradore bereziak dira, bakoitzak bere berezitasuna nabarmen duelarik. Baina guztiak ere bertute oso onak dira.
Esploradore ausart hauek, hondarretatik nire gorpu biziduna ateratzen dute, eta orduan, gorpu dena gorputz bihurtzen da aldi baterako. Gero berriro erori ohi naiz, bai, laztana, zu agertzen zarenean. Zu irudikatzen zaituen mamua. Zergatik ezin nauzu bakean utzi? Ez al duzu nahikoa izan jadanik?
Eta berriro ere rooooollloooooo guztia. Esploradoreak etorri eta hondarretatik irteten laguntzen didate. Eta gauza ederrak esaten dizkidate, gauza politak. Azkenean orbaina nire burutik erabat desagertu eta irribar bat ateratzen zaidan arte. Horrela dihardut gau eta egun.
Jakina, "esploradore ausart" hauek nire lagunak dira, nire betiko lagunak. Ordezkatu egin ditut esploradore ausartekin, niretzat irudikatzen dutena azaldu nahian. Eta hala ere, hemen zerbait idatzita edo ez idatzita, alperrik dela esango nuke. Ia ezinezkoa da beste pertsona batek ulertzea nik eurenganako dudan aprezioa benetakoa dela. Gizakiaren buru gutxik kalkula lezakete soilik. Eskerrik asko mila aldiz erregututa ere nahikoa ez dela iruditzen zait. Izugarriak zarete.

1 comentario:

  1. Askotan dugu pertsona batera bakarrik ixteko joera. Joera alua.
    Esku hartetik alde egiten digunean ohartzen garelarik zein bakarrik aurkitzen garen, ze huskeria bihurtzen garen aipatu duzun basamortu lehorrean...
    Eskerrak bai, esploradoreei. Beti laguntzen digute, nahi ala ez, zulotik irtetzen aire pixka bat arnasteko.
    Oso politta venus! (...hemafrodita), jajaja!

    ResponderEliminar